Ehun mendien lehiaketa

Centenarios

I. Definizioa eta iraupena

Ehun Mendien Lehiaketa Euskal Herriko Gailurren Katalogoan zerrendatuta dauden ehun mendiren gailurretara igotzean datza, hurrengo artikuluetan zehaztutako baldintzetan betiere. Lehiaketarako gutxieneko epea bost urtekoa da, eta gehienekoa hamar urtekoa.

II. Lehiakideak

  1. Euskal Mendizale Federazioaren barnean dauden mendi taldeetako edozein kidek parte har dezake lehiaketan, baina lehiaketa hasten denetik eta lehiaketak irauten duen bitartean federazioaren lizentzia izatea beharrezkoa da. Zazpi urte betetzen dituzten urtetik aurrera hasi ahal izango dira puntuatzen.
  2. Mendizale bat hainbat mendi taldetako kide bada, urtero talde bakar baten izenean baino ezingo du lehiaketan parte hartu. Lehiaketan parte hartzen ari den bitartean mendizale bat mendi talde bat utzi eta beste bateko kide egiten bada, talde berrian lehiatzen jarraitu ahal izango du.

III. Mendi puntuagarriak

  1. Euskal Herriko Gailurren Katalogoko lurralde zerrendetan agertzen diren Euskal Herriko mendi guztiak dira puntuagarriak.
  2. Hainbat elkartek Euskal Herritik kanpoko mendi batzuk ere tradizionalki lehiaketan txertatu izan dituzte, lurralde horretako mugetan daudelako eta probintzi sistemaren luzapen geografikotzat jotzen direlako; kasu horiek ere Ehun Mendien Lehiaketan onartuko dira, Katalogoko gainerako mendien baldintza berdinetan.
  3. Euskal Herritik kanpoko mendiak ere lehiaketan sartu ahal izango dira. Ezaugarriei dagokienez, “Ehun Mendien Lehiaketako finalista” baten mendiko historian txertatzeko adina garrantzi altimetriko eta balio geografiko izan behar dute. Euskal Herritik kanpo gehienez ere 25 mendi puntuatu ahal izango dira.

IV. Igoerak

  1. Mendi baten igoerak baliozkotasuna izan dezan, mendi horren gailurra zapaldu behar da derrigorrez, igoera edozein alderditik egiten dela ere.
  2. Egunean gehienez mendi bat txertatu ahal izango da lehiaketan. Urtean gehienez hogei mendi puntuagarri igo ahal izango dira.
  3. Ez dago urtean igo beharreko gutxieneko mendi kopururik.
  4. Ehun Mendien Lehiaketa mendi taldeek antolatutako altuerako, mendiko, zeharkaldietako eta antzeko gainerako edozein lehiaketarekin bateragarria da, eta beraz, edozein lehiaketatan puntuatutako mendi igoera Ehun Mendien Lehiaketarako ere puntuagarria da.

V. Xedapen orokorrak

  1. Ehun Mendien Lehiaketa zehaztutako epeetan eta baldintzetan amaitzen duen lehiakideak Ehun Mendien Lehiaketako Finalista gisa ofizialki onartua izateko eskubidea izango du, eta Ehun Mendietako Mendizaleen Anaiartean sartuko da.
  2. Ehun Mendietako Mendizaleen Anaiartea gutxienez Ehun Mendien Lehiaketa batean finalista izendatu dituzten mendizale guztiek osatutako ohorezko taldea da.
  3. Ehun Mendietako Mendizaleen Anaiarteak Euskal Mendizale Federazioko Zuzendaritza Batzordeko ordezkari izango den idazkari bat izango du. Idazkari hori arduratuko da honako araudi hau betetzeko beharrezko administrazio funtzioak egiteaz, eta lehiakideen eskaerak bideratuko ditu, diplomak eta dominak emango ditu, finalisten erregistroa egingo du, eta abar.
  4. Ehun mendi igo dituen lehiakideak eta Ehun Mendien Lehiaketako Finalista titulua lortzeko eskubidea duenak Anaiartean sartzeko eskaera bere mendi taldean edo lurralde federazioan helburu horretarako zuzendutako orria betez egin behar du.
  5. Eskaera orriak osorik bete ondoren, mendi taldeko lehendakariaren oniritzia eta sinadura izan behar dituzte; lehendakariak orrian jasotako datuak egiazkoak eta zehatzak direla egiaztatu behar du.
  6. Urtero, urtarrilaren 31 baino lehen, mendi taldeek eskaeren zerrenda eta horiei dagozkien eskaera orriak bidaliko dizkiote Ehun Mendietako Mendizaleen Anaiarteko idazkariari.
  7. Goian zehaztutako egun horretarako iristen ez diren eskaerak hurrengo urtean onartuko dira.

VI. Lehiaketaren hedapena

Ehun Mendien Lehiaketako Finalistak hurrengo edizioetan ere berriro parte hartu ahal izango du, lehenengo aldian parte hartu zuen baldintza berberetan, eta hurrengo kategoriak lortu ahal izango ditu: Ehun Mendien Bigarren Saila, Ehun Mendien Hirugarren Saila, etab. Lehiaketa hauetan egindako gailurrek, elkarren artean desberdinak izateaz gain, aurreko lehiaketan edo lehiaketetan egindakoen desberdinak izan behar dute baita ere, eta sail berria osatu behar dute. Salbuespen gisa, aurrez igotako mendi bat berriro igotzean oso ibilbide desberdina egin dela egiaztatzen bada, gehienez ere aurreko lehiaketetan puntuatutako mendien % 20 puntuatu ahal izango dira. % 20 horren baitan, Katalogoan jasota ez egon arren, mendizaletasunaren ikuspegitik nolabaiteko interes orokorra duten Euskal Herriko beste gailur batzuk ere txertatu ahal izango dira. Lehenengo lehiaketatik aurrera, urtean gehienez 25 mendi puntuatu ahal izango dira.

Lehiaketako araudian zehazten denez, ehun mendi igo dituen lehiakideak eta Ehun Mendien Lehiaketako Finalista titulua lortzeko eskubidea duenak, Anaiartean sartzeko eskaera bere mendi taldean edo lurralde federazioan helburu horretarako zuzendutako orria betez egin behar du.
Eskaera orriak osorik bete ondoren, mendi taldeko lehendakariaren oniritzia eta sinadura izan behar dituzte; lehendakariak orrian jasotako datuak egiazkoak eta zehatzak direla egiaztatu behar du. Urtero, urtarrilaren 31 baino lehen, mendi taldeek eskaeren zerrenda eta horiei dagozkien eskaera orriak bidaliko dizkiote Ehun Mendietako Mendizaleen Anaiarteko idazkariari. Egun horretarako iristen ez diren eskaerak hurrengo urtean onartuko dira.